2008/11/12

GAZTAÑERRE














San Martin kulturalaren barruan, azokaren osteko astelehenean, beti bezala, eta moral handiz, GAZTAÑERRE ospatu genuen Erretena elkarte gastronomikoan (mila esker elkartekoei!!). Umorea, sariak, kantak eta gaztainak ez ziren falta izan eta, astelehena izan arren, jo ta sua aritu zen jendea euskaraz!!
Hurrengoan gehiago eta hobeto, ea 100 bat elkartzen garen.
Gora Gaztañerre!!!













2008/10/17

BERBALAGUN 08/09 AURKEZPENA








Kaixo lagunok!
Hemen gaituzue berriro Berbalagunen inguruan zehazki eta, euskararen inguruan orohar, Ermuan gertatuko edo gertatu diren gora-beheren berri emateko prest.
Hasteko, BERBALAGUN 08/09 edizioaren aurkezpenari buruzko berria duzue honako hau. Atzo, urriak 16, egin zen Lobiano kulturgunean. Proiektuaren berri emateaz gain, hala nola, aurreko edizioko datuak, Berbalagun jardueraren deskribapena edo izena emateko aukerak, bertaratutakoek argazki sorta ederra ikusi eta mokadutxo bat hartzeko aukera izan zuten. ze inbidia, ezta? bada, hurrengoan joan, patata tortilak eta ardoa zoragarri zeuden-eta!


2008/07/07

AFARIA: TRIBIALZALEEN OPARIAK




Hau bai, benetan, Berbalagun 07-08 edizioaren azken ekintza. Jende askorik ez eta gainera, txapeldunen taldeko bakarra joan zenez, ia afari guztiak eraman zuen etxera oparia. Hori bai, afarikide guzti-guztiak lehen sailkatuen artean zeuden (lehen taldeko bat, bigarren taldeko lau eta hirugarren taldeko hiru), beraz, denok sarituta eta, merezita gainera.


Orain, badakizue, primeran pasatu udan, pilak kargatu, euskara ez ahaztu eta......hurrengoan ere, IZENA EMAN, merezi du-eta!!

2008/06/25

pixka bat es mucho!

ETA BUKATZEKO....AFARIA!!


Oraindik ere garaiz zabiltza afarian izena emateko. Izan ere, ostiral honetan ospatuko dugu edizio honen amaiera. Horretarako, 8etan TXIKITEOKIDE jarduerarekin hasiko gara motorrak berotzen eta ostean, 9.45ean Mendiola jatetxean elkartuko gara jan, edan, sariak banatu, barre egin, dibertu eta abarrekoak egiteko, beti bezala, EUSKARAZ noski.

Ba, ziurrenik, hauxe da guztia irailera arte, ondo izan, ederto pasatu eta ahal izanez gero euskara ERABILI!


Gora Berbalagun eta Berbalagunkide, Berbakide eta Berbalaguntzaileak

AGUR IKASTAROEI




Ba bai lagunok, heldu zaigu adio esateko garaia, ikastaroei dagokienez behintzat. Azken saioan, ordea, askok ez zuten erreparorik izan pira egiteko eta, ekaineko konpromiso mordoek, San Juanetako ajeak eta batek daki zerk (izan ere inork ez zidan pira aldez aurretik arrazoitu) bultzatuta ez ziren Lobianotik pasatu. Irakaslea eta joandako kopurutxoa, haatik, ez zen kokildu eta gogotsu ekin zioten atzoko jardunari. Argazkiek ederto adierazten dute esandakoa.

2008/06/20

ERMUKO EUSKARARI LAGUNTZEKO EGIN ZAITEZ BAZKIDE!


Azken asteetan ziur ikusi duzuela berde koloredun eta jendez betetako kartela gure herriko kaleetan zehar, bai, ezta? Bada, kartel hori Euskal Birusaren -Ermuko euskara taldea- bazkide kanpainaren euskarri nagusia da. Izan ere, San Martin azoka, Liburu eta disko azoka eta urtean zehar talde honek antolatzen dituen beste dozenaka ekitaldik antolaketa maila handia eskatzen dute. Horretarako, noski, esfortzu itzela behar da, baina, halere, ez da nahikoa izaten, jendea eta dirua behar izaten dira. Horregatik, hain zuzen, ezinbesteko ditu Euskal Birusak bazkideak, laguntzeko, bai ekonomikoki bai norberaren esfortzuaz.

Oraindik ez bazara edota ideia buruan bueltaka badarabilzu, ez izan dudarik, EGIN ZAITEZ BAZKIDE ez zaizu damutuko-eta!

Bazkidetza burutzeko Erdiko kalen, eleizaren ondoko arkupe parean atondu du Euskal Birusak lokal bat, beraz, ez duzu aitzakiarik, esku-eskura duzu-eta.



EUSKAL BIRUSAREN BAZKIDETZA KANPAINA



NOR GARA?
Euskal Birusa 1990ean, ermuarren artean euskararen erabilera bultzatzeko asmoz sortu zen kultur elkartea da. Duela 10 urte egin zen lehen bazkide kanpaina eta ordutik 222 bazkide ditu elkarteak.


ZER EGITEN DUGU?
1- “SAN MARTIN” AZOKA EGUNA
Euskal Birusak urtero antolatzen dituen nekazal azoka eta jai egun arrakastatsuak.
2- LIBURU ETA DISKO AZOKA
Euskarazko liburu eta diskoak zabaltzeko maiatzean egiten diren azoka eta kultur ekitaldiak.
3- UDAKO POSTAL LEHIAKETA.
Oporretako momentutxo bat idatziz kontatu eta sariak irabazi.
4- “DROGETENITTURRI” ALDIZKARIA
Hilabetero Ermua eta Mallabian kaleratzen dugun aldizkaria. Gai lokalen agertokia eta herritar askoren gogozko erreferentea.
5- “JUANITA IBAIBARRIAGA” LITERATUR LEHIAKETA
Ermuarron artean idazmena sustatzeko urtero antolatzen den ekimena
6- AHOZKO ONDAREAREN BILKETA
Ermuarron gaurko ahotsa biharko batzen ari gara
7- “ERMUAN KANTUAN” LIBURUA ETA KALE JIRA
Hileroko azken zapatuan kaleak alaitzen dituen kantu kalejira eta kantuetako asko biltzen dituen liburuxka.
8- “BERBATRUK” MERKATARITZA HITZARMENA
Merkataritza harremanetan euskararen presentzia indartzeko egitasmoa
9- HARTZA EGUNA
Ermuko ihauterieetako kalejira. Antzinako ohitura gaurko erara antolatuta
10- “BERBETAN” JARDUNALDIAK
Euskararen egoera hobetzeko egin daitekeenaren inguruan urtero, elkarlanean, antolatzen diren hitzaldi eta mahai inguruak
11- “BERBALAGUN” MINTZA-TALDEAK.
Ezagutzatik erabilerarako urratsa ematen laguntzeko, elkarlanean antolatzen diren asteroko mintzapraktika taldeak
12-KULTUR EKITALDIAK
Euskarazko musika, antzerkia, pailazoak, zinea eta abar Ermura ekartzeko urtean zehar antolatzen diren ekitaldiak


ZER EGIN NAHI DUGU?
Ermuarren artean euskararen erabilera indartzen jarraitu nahi dugu. Horretarako martxan dauden ekintzei eutsi eta berriak antolatzeko asmoa daukagu.
Zuk ere parte hartu ahal duzu. Babestu euskararen aldeko lana.
IZAN ZAITEZ EUSKAL BIRUSAREN BAZKIDE


2008/05/29

EUSKAL SUKALDARITZAN ERE...MUTIL EZA


Lehenengo saioko "zurrukuttuna" (marmitakoaren antzerako platerra) izugarri egon zen, bai, baina bigarreneko txipiroiak tintan.......muuuum! zein gozoak!! ahoan urtzeko modukoak. Jakina, gure sukaldariari bezain ondo ateratzeko nahikotxo saiatu beharko dute gure parte hartzaileek.
Eta postrerako, hau da, hirugarren saiorako, San Blasa egiten ikasiko dute! A ze zortea izango dute gure neskek, eta neskek diot, izan ere, oraingoan ere gure herriko mutilak etxean, tabernan edo batek daki non gelditu diren. Pena bat, baina.......



ETA......AZKENA: YOGA IKASTAROA


Bai lagunok, konturatu barik joan zaizkigu asteak eta, ikastaroei agur esateko garaia heldu zaigu. Azken "plater" honek ere badu bere xarma. Bizi ditugun garai stresagarriei aurre egiteko oso egokia, gainera. Erlajatzeko hain eraginkorrak izan daitezkeen teknikak ikasi ahal izango ditugu oraingoan, ikastaro gehienak bezala doan. Ez izan dudarik eta izena eman ekainaren 11, 18 eta 25ean, arratsaldeko 7etatik 9etara, Lobiano kulturgunean burutuko den YOGA ikastaroan.

2008/05/19

IKASTAROAK PIL-PILEAN!!


Oraindik ere aukera duzue hilaren 21ean hasiko den "Euskal Sukaldaritza" ikastaroan parte hartzeko. Aukera mundial honen bitartez gurean tipikoak diren hainbat sarrerako, 2. plater eta postre ikasi ahal izango dituzue. Beraz, Txipiroiak tintan ikasi nahi eta, gainera, euskara praktikatu nahi duzuela? Ez pentsa gehiago eta izena eman ohiko telefonoan, arin, plazak mugatuak dira eta!
Maiatzak 21, 28 eta ekainak 4. Arratsaldeko 7etatik 8.30era Erretena elkarte gastronomikoan.

Sorginzale gutxi Ermuan


Markinako Jabier Kalzargortaren eskutik sorginen inguruko hamaika mito eta istorio biziki interesgarri entzun ahal izan genuen joan den ostegunean Euskara Sailak eta Berbalagunek antolatutako Euskal Mitologia hitzaldian. Bertaratutakook liluraturik irten ginen hitzalditik, sorgindurik, alegia. Zoragarria da ikustea batzuek gai honekiko duten jakinduria, maitasuna eta interesa. Pena horrenbeste jendek aukera paregabe hau galtzea. Hori bai, joan ezin izan zinetenok Jabier Kalzargortak utzitako mitologiaren inguruko hainbat dokumentu interesgarri duzue Ermuko Euskara Sailean, beraz, aprobetxatu.


EUSKARAK APAINTZEN GAITU




Hilaren 14an eman zitzaion amaiera Makillaje Ikastaroari, aurtengo 5. ikastaroa. Parte hartzaileen arabera, motz samar geratu da, arlo honetan ere asko omen baitago ikasteko. Bestelakoan, denak oso pozik Mirian Bastidarekin ikasitakoagatik. Gehienetan bezala, mutik gutxi edo bat ere ez. Ea animatzen zareten hurrengoan, zozo halakoak!


2008/04/24

LEHENENGO HARTU, GERO BOTA. PINTXO ETA DANTZA IKASTAROAK PIL-PILEAN








Badoaz aurrera pintxo prestaketa eta Larraindantza ikastaroak. Era ezin hobean gainera, giro ederrean eta ikastaroko dagoen jende kopuru mugak gainezka eginda, Bai, bai, 16koa zen muga eta lehenean 17 eta bigarrenean 16 dihardute. Batean sabela betez gozatzen badute, "a ze pintxo ederrak", bestean, berriz, gorputzeko gantzak arinduz gozatzen dute, "a ze erritmoa jarri dieten Juan eta Kristina irakasleek Larraindantza ikastarokoei!"
Beraz, tripakadak eta axubetak deitoratuz pasatuko zaigu apirila eta, maiatzean, zer? Bada, lehenengo, hila bukatu baino lehen, ostiral honetan, gure ohiko TXIKITEOKIDE burutuko dugu, gogoratu, animatuz gero 639414205 tlfnoan mezua utzi. Eta maiatzean, ikastaroei dagokienez, Makillaje eta Euskal Sukaldaritza ikastaroak hurrenez hurren. Hauez gain, maiatzaren 15ean Berbalagunkideek eskatutako Sorginkeria eta Mitologiaren inguruko hitzaldia izango dugu arratsaldeko 7.30ean Lobianon. Badugu, hortaz, zer ikusi eta ikasi maiatzean; jakina, euskaraz!

2008/03/14

EUSKAL MASAJEA





A ze inbidia, ezta? Bai lagunok, horrelako une erlaxagarri eta lasaiak bizi izan ziren Masaje ikastaroan. Pena bertako musika ez entzutea imagina hauen bitartez. Egia da irakaslearen azalpenez gain oso berba gutxi egin zela, hain gustura egonda hitzak soberan baitaude.
Eta hau bukatuta, zer? Bada, orain oporrak. Ekintzek jai hartzen dute martxoaren 28ra arte, egun horretan TXIKITEOKIDE izango dugu, badakizu, parte hartu nahi baduzu SMS bidali edo deitu 639414205 telefonora. Betiko legez, Herga tabernan ekingo diogu poteatzeari arratsaldeko 8etatik aurrera, animatu eta izena eman!!
Bestetik, jakin ezazu, apirilean Pintxo prestaketa ikastaroa (9, 16 eta 23an) eta Larraindantza ikasteko ikastaroa (16,23 eta 30ean) izango ditugula, interesa izanez gero adi ibili oporretatik bueltan!











2008/02/14

ABALORIO IKASTARO ARRAKASTATSUA!!

Argazkietan ikus daitekeen bezala kopuru ugariko talde honek ederto dihardu lanean. Laster erakutsi ahal izango dizkigute eurek egindako apaingarriak. Gutxi barru soinean jarriko dituzte-eta herriko kaleetan zehar. Argazkiko neskek, non letxe daude mutilak?, erakutsi digute zein trebeak diren eskuekin, euren lanak ikusi besterik ez dago. Horren abilak izango al dira masajeak ematen? Auskalo, horretarako haiek eta guk izena eman beharko dugu laster abian jarriko den Masaje ikastaroan (epea zabalduko da hilaren 18an).




















2008/02/07

GURE TRIBIALA


Urte batzuetan desagertua egon arren, berbalagunkide askok hala eskatuta, bueltan datorkigu GURE TRIBIALA. Oraingoan baina, 5 hilabete iraungo duen formatoan eta ligilla antolaketaz. Jakin nahi zertan den? Hona hemen

Zelan jokatu

Erraza da, galderak ondo irakurri, pentsatu eta adostutako erantzuna eman. Tribial saioak 5 izango dira, hilean behin eta, hileko lehen astean. Jakina, talde bakoitzaren zita egunean.

Nork/nola irabazi?

Ligilla sistema erabiliko da, hots, talde bakoitza tribial bakoitzean izandako emaitzaren arabera puntuak batzen joango da, ekaineko tribialaren ostean puntu gehien metatu (akumulatu) duen taldea izango da irabazlea.

Puntuak nola jaso?

Tribial bakoitzak 10 galdera izango du, asmatutako galdera bakoitzeko puntu bat. Beraz, sailkapen taula izango dugu eta bertan joango gara puntuak gehitzen.

Jakina, galdetegia betetzeko ezin izango dugu laguntzarik eduki. Beraz, tribiala BETI gure zitaren lekuan egingo da, zita egun eta orduan, ez beste inon, ezta beste ordu batean ere. Hau errespetatzen dela ziurtatzeko zera egingo dugu:
Galdetegia taldean bete eta gero ordu erdiko margena izango duzue Kaltxango euskaltegian uzteko. Orduz kanpo aurkezten baduzue ez da galdetegia zuzenduko eta ez duzue punturik jasoko. Zorrotzegiak? Izan ere, ez dugu kanpoko laguntza edota laguntza entziklopedikorik izan dezazuen nahi, ulertzen?

Galderek Ermua, Euskara eta Euskal Herriarekin zerikusia izango dute, hau da, ez da egongo eremu horiek gainditzen dituen galderarik.

Eta hauxe da guztia, zorte on eta, garrantzitsuena goza ezazue lehiatzen!!!!