Pages

2011/06/20

ANBOTO INGURUA: HAIN HURBIL ETA HAIN.....EDER!!







Aupa lagunok!!
Berbalagun ekintzen azken apurrak ere badoazkigu urritzen, ez edonola, baina. Maiatz eta ekain inguruko kanpo ekintzak, dibertigarri eta interesgarriak izateaz gain, oso ikusgarriak suertatu dira. Hori gutxi balitz, guzti-guztietan eguraldia gure alde izan dugu eta, oso ona behar izan dugunean horrela izan dugu, Nafarroa ezagutuz, ona baina tenperatura larregirik gabe behar izan dugunean ere, Deba -Zumaia ibilbidea eta Urkoko koba, horrela agertu zaigu eguraldia eta, gogorrenean, eguzki gutxi eta freskura pixka bat merezi genuenean, Anboto inguruak, horrela egokitu zaigu. Beraz, primeran!!!

Bestetik, gogorarazi nahi dizuet, oraindik ere, hasi barik dugula "Soinketa abdominal hipopresiboa II", hortaz, izenik eman nahi izanez gero garaiz zabiltzate. Horren ingurukoak jakin nahi badituzue jo atzera blogean eta bertan lortuko duzue honen inguruko informazio nahikotxo. Ikastaroa ostegun honetan hasiko da, arratsaldeko 7etan Lobianon eta, beste saio bakar bat izango du, hurrengo ostegunean. Bertan parte hartzeko, arropa erosoa eta esterilla baino ez da behar, ikastaroa doan baita. Apuntatzeko bidali emaila ermua_berba@aek.org era edota 639414205 telefonora deituz ala SMS-a bidaliz.

Bukatzeko, ez ahaztu ikasturte bukaerako afaria ostegun honetan izango dela. Lehenengo TXIKITEOKIDE egingo dugu ohi bezala eta 21.45ean Burduntzira joango gara afaltzera 20 euroren truke. Honetarako ere izena eman beharra dago betiko legez.

2011/06/08

EGURALDIA LAGUN.....BERRIRO ZORAGARRI





Eguraldi ezegonkorra iragarri arren, kokildu ez eta han agertu ginen ibiltari taldetxoa ermuko tren geltokian goizeko 9etan. Goizetik susmo ona hartu genion zeruari eta zer eta asmatu! Debako biztanle den Jabi Oneka ermuarraren laguntzaz ikaragarri gozatu genuen bere azalpenez eta, inguru eta paisaiaz. Ez da larregi esatea Euskal Herriko leku ikusgarrienetarikoetan ibili ginela. Patxadaz hartu genuen ibilalditxoa, benetan merezi du-eta geldiuneak hartzea inguruaz gehiago gozatzeko. Jakina, hamaiketakoa ezin ahaztu eta Sakonetako flysch-ak mahai eta aulkitzat hartuta ederto desagerrarazi genituen plakiak. Bukatzeko, bainu ederra hartu Zumaiako hondartzan, bai, bai, bainua, eta trena berriro hartuta Ermura. Datorren urtean berriro antolatzen badugu, irakurtzen ari zaren hori, benetan, ez galdu paisaia hauek ikusteko aukera!!!

2011/06/01

NAFARROAN? ZORAGARRI.







Ba,bai, lagunok, zoragarri pasatu dugu azken asteburuan Tafallaldea, mini-barnetegiz, ezagutzera joan garenok. Ostiraletik aterata, ilundu orduko, bageunden denok txango luze honen epizentruan, hots, Pitillasen. Nola ez, etxean gauzak utzi bezain pronto osteratxoa eman genuen herria ezagutzeko eta herritarrek gu ezagut gintzaten. Berehala konturatu ziren, bai, euskaraz aritzea ez baita, zoritxarrez, gauzarik ohikoena herri txiki honetan. Hurrengo egunean, Beire, Herri-berri (Olite), San Martin de Unx eta Uxue ikusteko parada izan genuen eta bide batez, Miguel Sanz-en, Nafarroako lehendakariaren, egitasmorik handiena, egun, errealitate bihurtutakoa: Nafarroako kanala. Itoizko urtegitik hasita, 100 kilometroz, Nafarroako zati handia zeharkatzen duena. Ikusi gabe, jakina, ezin utzi Oliteko gaztelua eta Pitillasko aintzira, Nafarroako hegazti behatokirik garrantzitsuena. Bi hitzetan: Ze ondo!!