2010/05/19

barreterapiatik soinuterapiara: TXALAPARTA ikastaroa




Bai lagunok, begi guztiek ez dutenez berdin ikusten edota beste euskal esamolde batek esaten duen bezala "zenbat buru hainbat aburu" Berbalagunek ere erlaxatzeko edota ondo pasatzeko, finean, zoriontsu izateko, aukera ezberdinak eskaintzen ditu, izan ere, bati gustatzen zaiona ez da bestearen gustuko. Hari horri tiraka, beraz, barrea eragiten laguntzen zuen ikastarotik soinua eta erritmoa sortzen duen beste balizko terapia batera egingo dugu jauzi: TXALAPARTA ikastarora. Berau, Oier Perezen eskutik, datorren ostegunean hasiko da, hilak 27 eta, jarraituko du ekainaren 3 eta 10ean. Tailertxo hau egin ahal izateko leku hobezina topatu dugu, Ermuko "Beti-txarto" elkarteko musika taldeen lokalak. Ahaztu baino lehen, arratsaldeko 7etatik 9etara izango dira saiook. Ezetz asmatu non dauden aipatutako lokalak? Bai, asmatu duzue, Beti-ondon, kar, kar, kar.
Izena emateko, ermua_berba@aek.org helbidera bidali mezua izen-abizenak eta telefonoa adieraziz, edota 639414205 telefonora SMSa bidali. Izena emateko azken eguna: maiatzaren 26a.

2010/05/13

EUSKARA ETA ERRITMOA? ADOS




Hirugarren saioa burututa "Gorputza eta Erritmo" tailerrak ere agur esan zigun asteazkenean. Argazkietan ikus daitekeenez, urrats flamenko bidez hezitu ziren gure lagunak. Jendea pozik, emailea ere pozik, lokala oso egokia, eskerrik asko Antton! Beraz, oso ondo dena, hurrengoan gehiago!!
Bestalde, jakin BARRETERAPIA dagoeneko martxan dagoela, saio bakarra geratu arren horretara ere apunta zaitezkete interesa izanez gero. Lehena, behintzat, ikaragarri interesgarri, dibertigarri eta erlaxagarria izan omen zen, zeuek ikusi!! Bai, Lobianon, hilaren18an, arratsaldeko 7etatik 9etara, bai, doan.
Bukatzeko, musikazale eta errimozaleentzako ikastaroa aurki. Izan ere, astelehenean zabalduko da TXALAPARTA ikastaroan izena emateko epea. Hiru saio. Maiatzaren 28 eta ekainaren 3 eta 10ean Beti-ondoko "Beti-txarto" musika taldeen lokaletan. Bai, hau ere arratsaldeko 7etan eta doan. Ale.......Apuntatu

2010/05/04

IKASTARO ZAPARRADA!!!!






Pasa den astean, betekada eder baten ostean, bukaera eman genion ogigintza eta pintxogintza ikastaroari. Jendeak, piloa ikasteaz gain (ezin imaginatu zer nolako pintxoak), asko gozatu zuen pintxoak egin osteko mahai-inguruetan. Izan ere, egindako guztia jan ahal izateko saio bakoitzeko afari "ofiziala" egin behar izan genuen. Eta, noski, han aritu ginen jan eta jan eta, kontu kontari. Balorazioa? Hamarra!
Jakina, ikastaroaren gehiegikeriak arintzeko izerdi egin beharra zegoenez.... astean bertan, egia esan pintxo egunaren aurreko egunean (beraz, lehenengo kendu gero jartzeko, je, je.) hasiera eman zitzaion "gorputz eta erritmo" tailerrari, bertan Lidia Pousaren gidaritzapean Flamenkoaren oinarrizko urrats eta jarrera batzuk ikasi ahal izan genituen, ez baina, esfortzurik gabe! Aitzitik, denok gaude bigarren saioa heltzeko irrikitan!!
Bestalde, baina ez bukatzeko, datorren asteko asteartean Barrean hezteko aukera izango dugu. Jar dezagun, hortaz, pailazo sudurra eta ikas ditzagun barrearen onurak!
Maiatzean oraindik Txalaparta jotzen ere jardungo dugu, informatuko zaituztegu, baina, aurrerago, lasai!!