2010/11/16

ETA SAN MARTINETAN..GAZTAÑERRE!!




Aupa lagunok!!!
Berbalagun topaketekin hasi bezain pronto San Martinetan murgildurik aurkitu dugu geure burua, ezta? Bada, hobeto. Aukera politak izan ditugu eta izango ditugu hurrengo egunetan ere, Berbalagunkideekin bestelako ekintzetara joateko eta euskarekin gozatzeko. Jada joan zaigunen artean, GAZTAÑERRE dugu.
Urtero legez, San Martin azokaren osteko astelehenean ospatu zen Berbalagunek eta Kaltxango euskaltegiak antolatuta, hau da, atzo eta, gehienok genuen ajea gaindituz, umore ona eta kanturako gogoa nagusitu zitzaien ajeak sortzen dituen ondorioei. Azpimarratzekoa izan da azken urteetan apur bat amatatzen zetorren kantu grina, aurtengoan berreskuratu dugula. Horrenbestez, gorputzak gaztainaz ondo hornitu ostean kantuan aritu ginen ordu eta erdiz. Berbalagunkideak ere, batzuk behintzat, ez ziren kokildu eta hamabost bat agertu ziren zitara. Benetan ondo pasatu genuen. Hurrengoan, badakizue, nagikeria alde batera utzi eta etorri gurekin!!