Pages

2010/11/16

ETA SAN MARTINETAN..GAZTAÑERRE!!




Aupa lagunok!!!
Berbalagun topaketekin hasi bezain pronto San Martinetan murgildurik aurkitu dugu geure burua, ezta? Bada, hobeto. Aukera politak izan ditugu eta izango ditugu hurrengo egunetan ere, Berbalagunkideekin bestelako ekintzetara joateko eta euskarekin gozatzeko. Jada joan zaigunen artean, GAZTAÑERRE dugu.
Urtero legez, San Martin azokaren osteko astelehenean ospatu zen Berbalagunek eta Kaltxango euskaltegiak antolatuta, hau da, atzo eta, gehienok genuen ajea gaindituz, umore ona eta kanturako gogoa nagusitu zitzaien ajeak sortzen dituen ondorioei. Azpimarratzekoa izan da azken urteetan apur bat amatatzen zetorren kantu grina, aurtengoan berreskuratu dugula. Horrenbestez, gorputzak gaztainaz ondo hornitu ostean kantuan aritu ginen ordu eta erdiz. Berbalagunkideak ere, batzuk behintzat, ez ziren kokildu eta hamabost bat agertu ziren zitara. Benetan ondo pasatu genuen. Hurrengoan, badakizue, nagikeria alde batera utzi eta etorri gurekin!!

2010/10/19

OSTEGUNEAN BERBALAGUN AURKEZPENA!!!



Aupa lagunok!!!

Urtero bezala, zitak egiten hasi baino lehen, noiz bestela, Berbalagun 10/11 edizioaren aurkezpena egingo dugu. Berau, azaroaren 21ean, osteguna, arratsaldeko 7.30ean Lobianon izango da. Ez kezkatu, ez dugu txaparik sartuko hainbat minutu, 15 bat, hartuko dugu iazko datuak aurkezteko eta, ondoren iazko parte hartzaileak ezagutzeko aukera izango dugu, izan ere, zitetako eta ekintzetako argazkiak ikusiko ditugu power point bitartez. Bukatzeko, pintxoak eta edariak izango dira giro ederrean aritzeko.
Horrenbestez, badakizu, ez galdu aukera polit hau eta etorri gurekin ostegunean!!!
Ah, lasai, badihardugu taldean egiten baina ez gara hasiko azaroaren lehen astera arte, ados?
Izango duzue nire berri.
Aio Pelaio!!

2010/09/21

ATERA ARBELA KALERA, Hementxe gaude berriro!!


Aupa lagunok!!!!!
Berbalagun kanpaina berria martxan jartzear egonda badugu esnatzeko garaia. Horrenbestez, badakizu, ez pentsa bi aldiz eta izena eman BERBALAGUNEN!!!!
Aurten zerbitzu berriak, bai, jakina, prezio berean: zero euro !!
Ikasi duzuna erabiltzeko
erdi ahaztuta duzuna engrasatzeko
Beti jakin duzun hori guztiz ez galtzeko
Ermuan euskara ere entzuteko
lagunak berriak egiteko
ikastaro, txango, joko eta hitzaldietan parte hartzeko
Bi hitzetan......primeran pasatzeko.....................APUNTA ZAITEZ hemen:

ermua_berba@aek.org

Izen abizenak, Nortasun Agiria, telefono eta e-maila eta aritu nahi duzun ordua eta eguna idatzita nahikoa da.

2010/06/23

BERBALAGUNEK UDALAREKIN ELKARLANERAKO HITZARMENA SINATU DU




gaur, eguerdiko 12.30ean, hilak 23 dituen egun eguzkitsu honetan Ermuko Berbalagunek Ermuko Udalarekin elkarlanerako hitzarmena sinatu du. Berbalagunek bere lehen urratsak ematen hasi zenetik aldarrikatu dugun Hitzamen honek, oraindik ere, txukunago, egokiago eta hobeto lan egiten lagunduko digu. Zorionak, beraz, Euskaraz koop elkarteak, AEKk, kudeatzen duen Berbalaguni, Ermuko Udalari eta Berbalagun egitasmoan parte hartzen duzuen guztioi, azken finean denoi egingo baitigu mesede Udalak izan duen lan aitortze eta hobetze hori.
Bestalde, Sinatze honek urrezko lokarritxoa jarri dio gure edizio amaierari, ez ahaztu baina, oraindik ere, AZKEN TXIKITEOKIDE duzuela ostiral honetan, ea animatzen zareten azkena da eta!!!!
Horrenbestez, ondo ibili udan eta ez ahaztu, Kanpoan ere euskaraz hitz egin dezakegu.

2010/06/08

HAU DENA GALDU DUZUE, BERAZ, APROBETXATU GELDITZEN DENA!!

Azken ikastaroa lagunok!

ekainaren 17, 24 eta uztailaren 8an

Lobiano kulturgunean arratsaldeko 7etatik 9etara.

Doan. Dantza bikaina: gerri eta inguruko giharrak trinkotzeko, umeak izango eta izan berri dituztentzat, pelbis ingurua sendotzen laguntzen duelako.

Autoestimua indartzen ere laguntzen du.








Txalapartarako mutil gehiago espero bagenuen ere, ezin esan gauzak txukun egiten ez dihardugunik. A ze planta duten gure neskek! Ikaragarri ondo moldatzen ari dira, izan ere, oraindik ez da bukatu Ermuko musika taldeen lokaletan ematen dihardugun Txalaparta ikastaroa. Jo ta sua, eragin makilari!





Azken urteetako ohiturari jarraituz Mallabian egin genuen maiatzari zegokion TXIKITEOKIDEa. Larregi ere ez ginen egon baina bertako ikasleekin emandako "metaketa" itzelezkoa izan zen, berehala ekin genion harreman berriak egiteari eta, hantxe aritu ginen, giro alaian, kontu-kontari. Jakina, horrelako poteo bereziek ogitartekoa ere eskatzen dute eta, zergatik ez, kopatxo bat ostean. Poz-pozik bueltatu ginen Ermura, ordu txikietan......




2010/05/19

barreterapiatik soinuterapiara: TXALAPARTA ikastaroa




Bai lagunok, begi guztiek ez dutenez berdin ikusten edota beste euskal esamolde batek esaten duen bezala "zenbat buru hainbat aburu" Berbalagunek ere erlaxatzeko edota ondo pasatzeko, finean, zoriontsu izateko, aukera ezberdinak eskaintzen ditu, izan ere, bati gustatzen zaiona ez da bestearen gustuko. Hari horri tiraka, beraz, barrea eragiten laguntzen zuen ikastarotik soinua eta erritmoa sortzen duen beste balizko terapia batera egingo dugu jauzi: TXALAPARTA ikastarora. Berau, Oier Perezen eskutik, datorren ostegunean hasiko da, hilak 27 eta, jarraituko du ekainaren 3 eta 10ean. Tailertxo hau egin ahal izateko leku hobezina topatu dugu, Ermuko "Beti-txarto" elkarteko musika taldeen lokalak. Ahaztu baino lehen, arratsaldeko 7etatik 9etara izango dira saiook. Ezetz asmatu non dauden aipatutako lokalak? Bai, asmatu duzue, Beti-ondon, kar, kar, kar.
Izena emateko, ermua_berba@aek.org helbidera bidali mezua izen-abizenak eta telefonoa adieraziz, edota 639414205 telefonora SMSa bidali. Izena emateko azken eguna: maiatzaren 26a.

2010/05/13

EUSKARA ETA ERRITMOA? ADOS




Hirugarren saioa burututa "Gorputza eta Erritmo" tailerrak ere agur esan zigun asteazkenean. Argazkietan ikus daitekeenez, urrats flamenko bidez hezitu ziren gure lagunak. Jendea pozik, emailea ere pozik, lokala oso egokia, eskerrik asko Antton! Beraz, oso ondo dena, hurrengoan gehiago!!
Bestalde, jakin BARRETERAPIA dagoeneko martxan dagoela, saio bakarra geratu arren horretara ere apunta zaitezkete interesa izanez gero. Lehena, behintzat, ikaragarri interesgarri, dibertigarri eta erlaxagarria izan omen zen, zeuek ikusi!! Bai, Lobianon, hilaren18an, arratsaldeko 7etatik 9etara, bai, doan.
Bukatzeko, musikazale eta errimozaleentzako ikastaroa aurki. Izan ere, astelehenean zabalduko da TXALAPARTA ikastaroan izena emateko epea. Hiru saio. Maiatzaren 28 eta ekainaren 3 eta 10ean Beti-ondoko "Beti-txarto" musika taldeen lokaletan. Bai, hau ere arratsaldeko 7etan eta doan. Ale.......Apuntatu

2010/05/04

IKASTARO ZAPARRADA!!!!






Pasa den astean, betekada eder baten ostean, bukaera eman genion ogigintza eta pintxogintza ikastaroari. Jendeak, piloa ikasteaz gain (ezin imaginatu zer nolako pintxoak), asko gozatu zuen pintxoak egin osteko mahai-inguruetan. Izan ere, egindako guztia jan ahal izateko saio bakoitzeko afari "ofiziala" egin behar izan genuen. Eta, noski, han aritu ginen jan eta jan eta, kontu kontari. Balorazioa? Hamarra!
Jakina, ikastaroaren gehiegikeriak arintzeko izerdi egin beharra zegoenez.... astean bertan, egia esan pintxo egunaren aurreko egunean (beraz, lehenengo kendu gero jartzeko, je, je.) hasiera eman zitzaion "gorputz eta erritmo" tailerrari, bertan Lidia Pousaren gidaritzapean Flamenkoaren oinarrizko urrats eta jarrera batzuk ikasi ahal izan genituen, ez baina, esfortzurik gabe! Aitzitik, denok gaude bigarren saioa heltzeko irrikitan!!
Bestalde, baina ez bukatzeko, datorren asteko asteartean Barrean hezteko aukera izango dugu. Jar dezagun, hortaz, pailazo sudurra eta ikas ditzagun barrearen onurak!
Maiatzean oraindik Txalaparta jotzen ere jardungo dugu, informatuko zaituztegu, baina, aurrerago, lasai!!

2010/04/28

5 gezur borobil hizkuntzei buruz, hitzaldia

EUSKARA, GAZTELANIA ETA BESTE HIZKUNTZA BATZUEI BURUZ SEKULA KONTATU NAHI EZ DIZUTENA.

Gizartean errotutako hainbat ideiei buruzko hausnarketa atsegin eta kritikoa. Besteak beste, hizkuntzen defentsa, hizkuntza batzuen garrantzia eta beste batzuk ikasteko zailtasuna, hizkuntza ekonomia eta kudeaketari buruzkoa.

Eguna:2010-04-28

Lekua:Lobiano Kulturgunea

Ordua: 17:00etan eta 19:00etan

Emalea: AHIZE AEK

2010/04/13

OGIGINTZA ETA PINTXOGINTZA




Ostegun honetan, apirilak 15, hasiko da punta-puntako pintxoak eta, ogiak eta masak egiten ikasteko ikastaroa. Hurrengo bi saioak, hau bezalaxe, hurrengo ostegunetan izango dira, apirilaren 22 eta 29an. Gehienetan bezala, Erretena elkarte gastronomikoan izango da . Beraz, lehenengo eta behin, mila esker zuen ezinbesteko laguntzagatik erretenatarrok!!! Zuek barik, askoz zailago litzateke horrelakoak antolatzea-eta.
Ikastaroan zehar erabilitako jakiak eta abarrekoak ordaindu ahal izateko 8-10 euro jarri behar izango da ikastaroaren truke. Hori bai, bertan egindako guztia jan ahal izango duzue bertan ardo pixka baten laguntzaz. Horrek esan nahi du hiru aldiz joango zaretela afalduta etxera!!!!!
Izena eman nahi baduzu bidali mezua azkar helbide honetara: ermua_berba@aek.org

2010/03/24

SAGARDOTEGIAN? ZORAGARRI!!















Urteroko sagardotegi irteerak ez du sekretu edota misterio handirik. Ia egun berean, leku berera gauza bera egitera. Horrela izan arren balorazioa ere beste guztia bezain ohikoa da: Ikaragarri ona!!!
Esaten dute imagina edo irudi batek hamaika hitzek baino gehiago balio duela, ikusi argazkiak eta pentsatu datorren urtean autobusa galtzen utziko duzun.

YOGARI AGUR ETA XABOIGINTZA ATZERATU




"Erlaxatu bai, baina izerditu ere bai" izan dira Yoga ikastaroan parte hartu dutenen hitzetako batzuk. Antza, uste zuten baino postura bihurriagoak ikasi behar izan dituzte Yoga kideek. Beraz, lasaitzea baino gehiago omen da Yoga kontua!
Xaboigintzari dagokionez, ikastaro interaktiboa egitea pentsatu zen, hots, Berbalagunkideek eurek emandakoa. Horretarako, xaboigintzan interes handien zuen taldearekin jarri ginen kontaktuak eta, espero bezala, gure proposamenari ez zioten muzin egin! Jakina, lehenengo baina, errezeta eta hainbat gomendiotan irakurritakoa jarri behar zen praktikan eta, hala, pasa den ostegunean Erretena elkartean biltzen diren neskek, gogotsu ekin zioten xaboia egiteari. Aitzitik, gure neskak ez ziren guztiz gustura gelditu -oso perfekzionistak dira eta- Beraz, entsegurako denbora gehiago eskatu ziguten. Guztion onerako izango zelakoan eta, kalitatearen izenean onartu egin genuen atzeratzeko proposamena. Ondorioz, bihar egingo litzatekeen saio bakarreko xaboigintza tailerra Aste Santu osterako utziko dugu. Data zehatza aurrerago adieraziko zaizue.